2010/10/17

AHMren adierazpena mugak direla eta (2009-06-05)

Euskadiko Justizi Epaitegi Gorenak eman duen epaia entzun ondoren, Altzako Historia Mintegiak 2005. urtean egin zuen deklarazioan esandakoa berretsi egiten du. Era berean, altzatarron eskubideak behingoz errespetatu ditzatela eskatzen die Pasaia eta Donostiako udalei, altzatarrena baita, hiritarrak eta komunitate gisa, bere ondareari buruzko erabakiak hartzeko eskubide osoa.

Pasaia eta Donostiaren arteko gatazka Altza bien artean banatzeko izan da, berriro ere altzatarren eskubideen gainetik pasatuz. Donostia frankisten garaipenaz baliatu zen altzatarrei bere burujabetza kentzeko eta orain Pasaia, bere aldetik, altzatarren gainetik pasa nahi izan du bere arazo ekonomikoak konpontzearren, horretarako despotismo ilustratuaren garaiko argudio faltsuak erabiliz.
AHMn uste dugu altzatarrok ez garela “marco incomparable” delako horren kanpoaldea ezta inoren zorrak kitatzeko diru-poltsa. Eta gure eskubideen alde epaitegietara jo ahal izateko edo “jendearen iritzia” egiten duten komunikabideak ordaintzeko Pasaiak eta Donostiak erakusten ari diren botere ekonomiko hori ez daukagunez, hitzari heldu behar diogu, besterik ez baitugu, eta hitzari helduko diogu Altzari eta altzatarrei zor zaigun errespetua behar haina aldiz eskatzeko.